LeioakoUdala

Leioak kontrataziorako diru-laguntzak eskainiko dizkie herriko enpresei

Leioako Udalak udalerriko enpresei lagundu nahi die kontratazioari buruzko eskaerekin. Krisi ekonomikoa aintzat harturik, lan eskaeretara egokitutako taldea izatearen garrantziaz ohartuta, langileak jardunaldi osoz behin-behinean kontratatzeko diru-laguntza programa bat proposatzen da.

Kontratazioa finantzatzeko bideak artikulatzen ari diren beste erakunde batzuekin batera Leioak, Lanbideren programa baten bitartez, udalerriko enpresei aukera eman nahi die lan-kontratudun langileak edukitzeko euren beharrizanen arabera.

Deialdiko baldintzak hauexek dira:


- Helbide soziala udalerrian duten enpresek jaso dezakete diru-laguntza.

- Lan kontratua 2016ko ekainaren 16 eta azaroaren 30a arteko epean sinatu behar izango da.

- Diruz lagunduko den gutxieneko kontratua hiru hilabetekoa izango da, jardunaldi osoz.

- Emakumeak kontratatzea lehenetsiko da.

- Bi prozedura egongo dira, eta bakoitzak bere dokumentazioa izango du kontratatzeko hautagaiaren profilaren arabera:

1. Laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak. Gehienez, 9.000 euroko diru laguntza jasoko du enpresak, soldata eta gizarte segurantzaren %100, sei hilabeteko kontratuen kasuan. Diru-laguntza 4.500 eurokoa izango da, gutxienez, hiru hilabeteko kontratuetarako.

a) Diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenak.

b) Lehen lanik izan ez duten 35 urtetik beherakoak.

c) Azken 18 hilabeteotan, 12 hilabetez langabezian izan diren pertsonak, Lanbiden inskribatuta.

2. Aurreko kasuetakoak ez direnak. 6.000 euroko diru laguntza jasoko du enpresak, soldata eta gizarte segurantzaren %75, sei hilabeteko kontratuen kasuan. Diru-laguntza 3.000 eurokoa izango da hiru hilabeteko kontratuetarako.

- Prozedura norgehiagoka bidezkoa izango da. Hau da, hautagaitzak balioztatzean puntu gehien lortzen duten enpresei diruz lagunduko zaie.

- Zer hartuko da kontuan? Entitatearen tamaina (Enpresa txikiek handiek baino puntu gehiago izango dute), kontratatutako pertsonaren jatorria (irizpide baztergarria ez den arren, Leioakoak diren hautagaiei emango zaie lehentasuna), sortu berriak diren enpresek eginiko kontratazioak, eta enplegurako dinamizazio- edo gaikuntza-programaren batean parte hartu duten gazteen kontratazioa.

Oinarriak