LeioakoUdala

2021eko urtarriletik uztailera arteko prestakuntza-eskaintza

Aurreko urteetan bezala, garai honetarako dena prest daukagu datozen asteetan prestakuntza-eskaintza berriari hasiera emateko. Espero dugu zuen interesekoa izatea. Izan ere, ingurunean antzeman ditugun beharrei eta Leioako Udala-Behargintzako erabiltzaileek egin dizkiguten eskaerei erantzutea dugu xede.

2021eko urtarriletik uztailera arte, 10 prestakuntza-ikastaro hauek eskainiko ditugu lan bila dabiltzanentzat:

Bi ikastaro NEGOZIO IDEIA BATI EKITEKO interesa dutenentzat. Behargintzak aholkularitza-zerbitzua eskaintzen du enpresa baten aurretiazko azterketa egin eta martxan jartzen laguntzeko, eta enpresa-proiektu bat daukatenei prestakuntza zehatza ematen die.

Bestalde, enpresako lan-profilei lotutako ezagutzak eskuratzeko edo ziurtatzeko ikastaroak antolatu ditugu.

ERAIKUNTZAREN SEKTOREAN, alde batetik, MARGOTZAILE GAITUA izateko ikastaroa eskainiko dugu, eta bestetik, HORMA ALDAMIOAK MUNTATZEKO ikastaroa; batek zein besteak merkatuko gabeziari erantzutea dute xede.

Otsailean, WORD – EXCEL AURRETATUA IT TXARTELA lortzeko 30 orduko ikastaroa eskainiko dugu administrazio publikoan lan egin nahi dutenentzat (gaur egun, administrazio publikoek enplegu-eskaintza publikoetan IT Txartelaren ziurtagiria eskatzen dute).

Jarraian, ZERGA KUDEAKETARI (BEZ, PFEZ) buruzko 90 orduko prestakuntza emango da, arlo hauetan beharrezkoak diren ezagutzak eskuratzeko: zerga-kitapenak izapidetzea; zerga-betebeharrak zehaztea, kalkulatzea eta kudeatzea; enpresako jarduera ekonomikoa zergapetzen duten zergen kuota likidoak kalkulatzea eta deklarazioen dokumentuak prestatzea eta jakitea enpresa batek bere izaera juridikoaren arabera zer-nolako zerga-betebeharrak dituen. Ariketak eta kasu praktikoak barne.

Bestalde, DATUEN BABESARI BURUZKO ARAUDIAN ETA JARDUERA PROTOKOLOAN egin diren azken aldaketen berri emango da. Prestakuntza teorikoa eta praktikoa izango da.

TURISMOARI dagokionez, ETXEBIZITZETAKO ZERBITZARI eta TOKIKO TURISMO DINAMIZATZAILE izateko 100 orduko prestakuntza-ikastaroa emango da. Parte-hartzaileek gure turismo-merkatuaren bereizgarriak ezagutuko dituzte eta horiek interpretatzen eta eskaerei azkar erantzuten ikasiko dute.

Azkenik, HAZILAN PROGRAMA azpimarratu behar dugu. Gaitasun pertsonalei eta enpresa-proiektuari egokitutako metodologia berritzailea proposatzen du. Gaitasun pertsonalak eta profesionalak lantzen dira, lanpostuan prestakuntza espezializatua ematen da eta enpresako PRAKTIKETAN parte hartzeko aukera dago. Ekintza horiek guztiek jasotako prestakuntza balioan jartzeaz gainera langabeei lan-munduan sartzea eta curriculuma eta harreman profesionalen sarea hobetzen laguntzen die.

Interesa duenak gure instalazioetan aurretik eman dezake izena, urtarrilaren 4tik aurrera, 8:30etatik 14:30etara. Bestela, izen-emateko inprimakia jaitsi daiteke helbide honetan: https://behargintzaleioa.net/es/formacion/oferta-formativa

Espero dugu eskaintza probetxugarria izatea. Dena dela, bestelako prestakuntza-jarduerarik beharko bazenute, Behargintza Leioan atseginez lagunduko dizuegu prestakuntza arautuaren nahiz lanerako prestakuntzaren barruan zuen egoerara hobeto egokitzen den ikastaroa aurkitzen. Mendibil kaleko 3 zenbakian aurkituko gaituzue, 8:30etatik 14:30etara.