Formakuntza eskaintza 2022. Iraila - Abendua
Leioako Udala-Behargintzak prestakuntza-proposamen berria aurkeztu du iraila-abendua epealdirako, autoenplegua eta enplegua sustatze aldera. Lanpostua bilatzen ari diren edo hobetu nahi duten pertsonei zuzenduta dago.
Leioako Udalak, Behargintza Leioaren bitartez, ondoren ikus daitekeen prestakuntza-proposamena bidali die udalerriko biztanleei. Eskaintza haien enplegagarritasuna hobetu nahi dutenei nahiz beren kasa jarduera bat martxan jarri nahi dutenei zuzentzen zaie.
- >
- ENPRESA SORTZEA ETA KUDEATZEA. Negozio edo jarduera bat abiarazteko ideiaren bat baduzu, eta zure kasa jarduera bat martxan jartzeko erronkari hobeto aurre egiten lagunduko dizun “ekintzaile-gaitasuna” garatu behar baduzu, hau da zuretzako ikastaroa. Prestakuntza honetan, ideiak eta merkataritza-baliabideak aztertzen eta proiektua merkatuaren ikuspegitik balioesten ikasiko duzu, zure ideia egiaz ekonomikoki bideragarria den hobeto baloratu ahal izateko. Ikastaroan izena emateko, ezinbestekoa da aurrena ekintzailetza-teknikariarekin biltzea, negozio-ideia zenbateraino garatuta duzun zehazteko eta prestakuntzaren aurretik sor daitezkeen zalantzak argitzeko.
- DESIGN THINKING ETA METODOLOGIA ARINAK. Ikastaro honetan, hainbat baliabide eskuratuko dituzu, arazoak ebazteko irtenbide berritzaileak sortzeko eta pertsonekin, enpresekin eta markekin lotutako jarduerak diseinatzeko balioko dizutenak. Horretarako, “Design Thinking” eta beste hainbat metodologia arin (“agile”) ikasiko dituzu. Helburua da hezkuntzan zein ekoizpenean eta merkataritzan aplika daitezkeen proposamen berritzaileak garatzeko gai izatea, eta zure curriculumari gainerakoengandik bereiziko zaituen balio erantsia gehitzea. Izan ere, enpresek izugarri estimatzen dituzte mota horretako gaitasunak, benetako arazoak ulertzen eta ebazten ahalbidetzen dutelako (horregatik deitzen zaie “agile”, hain zuzen ere). Are gehiago, zenbait egilek defendatzen dute azkartasunez eta malgutasunez ebatzi behar diren proiektuak garatzeko metodologia izateaz haraindi doala, eta bizi-filosofia ere badela, jarduteko eta antolatzeko modu desberdin bat irakasten digulako, arazoa edozein dela ere. Hortaz, ikastaro hau edozeinentzat izan daiteke interesgarri.
- INGELES PROFESIONALA TURISMORAKO ETA MERKATARITZARAKO. Ikastaro honetan, enpresen eta turismoaren lan-eremuan ingelesez ahozko mezu gutxi asko konplexuak erraztasunez adierazten ikasiko duzu, bai eta zure ingelesa eguneratu eta praktikatu ere. Halaber, ingelesezko dokumentuak interpretatzen eta gramatikalki nahiz ortografikoki zuzen idazten ikasiko duzu, hiztegi teknikoa erabiliz, eta ingeles estandarrean hitz egiten eta egoera formal eta informaletan mezuak adierazten eta interpretatzen ere bai. Prestakuntza honi probetxu ateratzeko, ezinbestekoa da parte-hartzaileek oinarrizko ingeles-ezagutzak izatea (A2 / B1 maila). Parte-hartzaileek ez dute egiaztagiririk aurkeztu beharko, baina sartzeko proba egingo dute, talde bakoitzeko kideek antzeko ezagutza-maila dutela bermatzeko.
- TELEOPERADOREA ETA BEZEROAREN ARRETA. Pandemiak trantsizio digitala eta teknologikoa azkartu du, eta, ondorioz, mota horretako lanpostuen eskaria areagotu da, bezeroak artatzeko eta fidelizatzeko. Gaur egun arte, lan horiek aurrez aurre gauzatzen ziren. Alabaina, duela zenbait urtetatik, “telelana” eta “urruneko lana” kontzeptu arrunt bilakatu dira. Ikastaro teoriko-praktiko honetan, lanpostuarekin lotutako funtzioak eta zereginak ezagutuko dituzu: bezeroak telefonoz edo Internet bidez artatzea, fidelizatzeko eta produktuak sustatzeko baliabideak aplikatzea eta produktu edo zerbitzu bati buruzko zalantzak ebaztea eta intzidentziak jasotzea. Enpresek ahoz ongi komunikatzeko gai diren eta gutxienez DBH gradua duten pertsonak behar dituzte gero eta gehiago, bezeroak urrunetik artatzeko. Gainera, prestakuntza hau gauzatzen dutenek praktikak egiteko aukera izango dute, eta, hala nahi izanez gero, lana bilatzeko garaian, etorkizun handia duen lan-profil batera bideratuko dira.
- OBRAKO MAKINERIA. Langabeei zuzendutako ikastaroa da hau. Helburu du logistikaren, mantentze-lanen eta/edo eraikuntzaren eremuetan balio anitzeko langileak eskatzen dituzten enpresen beharrak asetzea. Ikastaro teoriko-praktiko honetan, obretako eta biltegietako hainbat makina txiki segurtasunez erabiltzen ikasiko duzu, hala nola orga jasotzailea, atzerako hondeamakina eta dunper-kamioia. Horrez gain, makineriaren ezaugarri nagusiak eta makinak erabiltzeari, mantentze-lanei eta laneko segurtasunari buruzko araudia ezagutuko duzu. Langabezian bazaude eta betetzaile eta/edo biltegizain izan nahi baduzu edota eskaerak prestatzen edo eraikuntzan aritu nahi baduzu, ikastaro hau interesatzen zaizu.
- HAURREN MONITOREA + ELIKAGAIEN MANIPULATZAILEA. Ikastaro hau esparru desberdinetan haurrekin lan egin nahi duten pertsonei zuzentzen zaie (etxebizitza, jantokiko/autobuseko laguntzailea, eskolaz kanpoko jarduerak, etab.). Hezkuntza ez-formalarekin lotutako hainbat kontzepturi buruz hausnartuko duzu (Tratu Onak, kasu), eta emozioak kudeatzean egokiro erantzuten ikasiko duzu. Halaber,elikagai-manipulatzaile izateko txartela jasoko duzu, elikagaiekin lotutako edozein jardueretan nahitaezkoa dena.
- IT TXARTELA (WORD ETA EXCEL MAILA AURRERATUAN). Oposizioak prestatzen ari zara? WORD eta EXCEL ikastaro teoriko-praktiko trinkoa da hau. Helburu du parte-hartzaileak KZgunean IT Txartela lortzeko azterketa ofizialetarako prestatzea, informatika-tresna horien gaineko gaitasun-ziurtagiria lor dezaten. Enplegu-eskaintza publikoko deialdi batera aurkezteko ezagutza horiek egiaztatu behar dituen udalerriko edonork eman dezake izena, edozein prestakuntza duela ere.