LeioakoUdala

LEIOA BERPIZTU: MERKATARITZA EREMUAK DINAMIZATZEKO EKIMENA

Leioako Udaleko Ekonomia Sustapen Arloak, Behargintzaren bidez antolatuta, udalerrian ezarrita dagoen merkataritza-egitura sustatzea eta berpiztea ahalbidetuko duten jokabideak bultzatzen dihardu. Zentzu honetan, lan ildo hau garatzeko bide ematen duten hainbat ekimen garatu izan dira.

Haietako bat 2012. urtean burutu zen, LANBIDEk - Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatutako eskualdeko Enplegu Planaren markoan. Orduko hartan, hutsik zeuden lokalen inbentarioa egin zen, udalerriko kaleetan jarduerarik ez zuten lokalen errolda egitea ahalbidetu zuena.

Ondoren, 2013ko Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziak salgai edo alokairu prozesuan zeuden gune itxien gainean lan egiteko beharra azpimarratu zuen, asmoa udalerriaren ikusgaitasuna hobetzea eta gune itxi haiei alokatuak izateko aukera gehiago ematea izanik.

Aipatu azterketa horretan adierazten zenez, Leioako gizarteak ez du ezagutzen udalerrian dagoen merkataritza-eskaintzaren aniztasuna, ezta bere ingurune hurbilenean aurkitu ahal dituen establezimenduak ere.

Beharrizan horren aurrean, LANBIDEk- Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatutako 2015eko Tokiko Enplegu Planak bide eman zion udalerriko langabeak kontratatzeari ez ezik, “Leioa-Berpiztu” izeneko ekimena martxan jartzeari ere.

Proiektu honen bitartez, Leioako Udalak, lan brigada baten bidez, gaur egun jarduerarik ez duten lonjetan esku hartzen ari da, helburua haien ikusgaitasuna hobetzea eta alokatuak izateko aukera gehiago emango duen erakusleiho bat ematea izanik.

Erakusleiho hauek, beste gune batzuetan kokatuta dauden saltoki aktiboak, euren merkataritza-eskaintza erakutsi nahi dutenak, ordezkatzen dituzte.

Jarduerarik ez duten establezimenduen egoeraren azterketa egin ondoren eta haien jabeekin hitz eginda, hasiera eman zaie jadanik guneak egokitzeko lehenengo jokabideei. Helburuak honako hauek dira:

  • Leioako lokal eta establezimenduen jabeei euren ondasunen hobekuntza estetikoa erraztea.
  • Negozio berriak irekitze aldera, esku hartu den lokalen alokairua erraztea.
  • Udalerrian aktibo diren lokalen publizitatea eta ezagutza erraztea, beste kokapen geografiko batzuetan merkataritza erakusleiho berriak jarriz.
  • Hurrengo asteetan ekimen honetan parte hartzen duten establezimenduak ezagutzeko aukera izango dugu.