LeioakoUdala

Enplegu-programak eta Formakuntza Eskaintza. Iraila-Abendua 2026

Leioako udalak urteko prestakuntza-programazio berria abiarazi du enplegua eta ekintzailetza sustatzeko.

Irailaren 1etik aurrera zabalduko da izena emateko epea, eta programazioak bost prestakuntza-ekintza eskainiko ditu, batez ere udalerriko langabeei zuzenduta.

Leioako Udalak, urteko prestakuntza-programazio berria jarriko du martxan herritarren enplegagarritasuna hobetzeko, laneratzea sustatzeko eta ekintzailetza bultzatzeko. Horretarako, lan-merkatuaren eta tokiko enpresa-sarearen egungo beharretara egokitutako prestakuntza-ekintzak eskainiko ditu. Izena emateko epea irailaren 1ean irekiko da, eta izen-ematea Behargintza Leioan bertan edo haren webgunearen bidez egin ahal izango da.


Programazioa Enplegu Programarekin hasiko da. Programa horrek "Eraikin eta lokaletan gainazalak eta altzariak garbitzea" Profesionaltasun Ziurtagiria barne hartzen du. Garbiketaren arloan lan egin nahi duten langabeei zuzenduta dago, eta 10 plaza eskainiko ditu. Prestakuntza irailetik martxora bitartean emango da, 09:30etik 14:30era, Behargintza Leioan eta kanpoko beste prestakuntza-gune batzuetan. Prestakuntza teorikoaz eta enpresetan gainbegiratutako praktikaz gain, parte-hartzaile bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokitutako gizarteratze eta laneratze-ibilbide pertsonalizatuak eskainiko dira.

Eskaintzaren barruan dago, halaber, Eraikinen Barruko Pintura ikastaroa. Leioako langabeei zuzenduta dago, beren lanbide-profila barruko pinturaren arlora bideratu nahi badute. Ikastaroak 12 plaza izango ditu, urrian egingo da, 09:30etik 14:30era, eta Behargintza Leioan nahiz kanpoko prestakuntza-guneetan emango da. Prestakuntzaren bidez, etxebizitza eta lokaletako barrualdeetan gainazalak prestatzeko eta pinturak aplikatzeko beharrezko ezagutza eta trebetasun praktikoak eskuratuko dituzte parte-hartzaileek, kalitate-, segurtasun- eta ingurumen-irizpideak aplikatuz.

DFB 3R Birlaneratze Programaren barruan, Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko Foru Sailak bultzatuta, Udalak laguntza zuzena eskaintzen die langabezia-egoeran dauden pertsonei. Programa honek hiru ekintza ditu: berrorientazioa, birlaneratzea eta birkualifikazioa, gaitasun digitaletan eta lan-aktibazioan.

Ekintzailetzari dagokionari Enpresak Sortzea eta Kudeatzea ikastaroa eskainiko du. Leioan erroldatuta eta Lanbiden izena emanda dauden langabeei zuzenduta dago, norberaren kontura jarduera bat abiatu nahi dutenei, hain zuzen ere. Ikastaroak 20 plaza izango ditu, azaroan egingo da, 09:30etik 14:30era, eta Leioako Enpresen Mintegian emango da. Prestakuntza hasi aurretik, interesdunek ekintzailetza-teknikariarekin bildu beharko dute, negozio-ideiaren garapen-maila baloratzeko eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko. Ikastaroan zehar, negozio-ideiaren bideragarritasuna aztertzen, merkataritza-estrategia optimizatzen eta proiektuaren merkatu-aukerak eta bideragarritasun ekonomikoa baloratzen ikasiko dute.

Programazioa osatzeko, Marketina eta Sare Sozialak ikastaroa eskainiko da. Leioako langabeei zuzenduta dago, enpresentzako marketin digitalean trebatu nahi dutenentzat. Prestakuntza-ekintza honek 12 plaza izango ditu, azaroan egingo da, 09:30etik 14:30era, Behargintza Leioan. Parte-hartzaileek sare sozialen kudeaketa estrategikoan, eduki digitalen sorkuntzan eta enpresa txiki eta ertainentzako publizitate-kanpainak garatzen beharrezko gaitasunak eskuratuko dituzte, marketin digitalarekin eta komunitateen kudeaketarekin lotutako lanbide-profiletan enplegagarritasuna hobetzeko.

Prestakuntza-programazio berri honen bidez, Leioako Udalak, Bergintzaren bitartez, berretsi egiten du kalitatezko enplegua sustatzeko, lanbide-gaitasunak indartzeko eta ekintzailetza babesteko duen konpromisoa, herritarrei lan-aukerak hobetzeko eta udalerriko enpresen beharrei erantzuteko tresnak eskainiz.

Interesa duten pertsonek irailaren 1etik aurrera eman ahal izango dute izena Behargintza Leioan bertan edo www.behargintzaleioa.net webgunearen bidez.

 

REDES SOCIALES:
LEIOA UDALA: FACEBOOK / X / INSTAGRAM
LEIOA GUREA
#leioabizigarria

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia


Twitter Facebook LinkedIn